KRISIAZ ETA MUNSTROEZ

“Zaharra ez da oraindik hil eta berria ez da oraindik jaio”. Esaldi horrek ez du inoiz hain ondo definitu egungo nazioarteko eszenatokian gertatzen ari dena. Antonio Gramscik, bere kartzelako idazkietan, horrela egiten zien  erreferentzia ziurgabezia eta nahasmendu handiko une historiko konplexu horiei, aro baten amaiera eta beste baten hasiera markatzen dutenei. Krisi edo trantsizio aldi bat deskribatzen du, non egitura zaharkituak edo zaharrak ez diren guztiz desegiten eta berriek oraindik ez duten lortu beren burua finkatzea, eta interregno horretan, fenomeno anormalak edo “munstrotsuak” gertatzen dira.

Zalantzarik gabe, egungo politika globalaren konplexutasunean, Donald Trumpek aktore disruptibo gisa instalatzea lortu du. Haren erretorika “antiglobalista” eta “America First-en” defentsa kapital nazionalista inperialistaren sektoreen eta bloke globalistaren arteko gatazka gogor baten erakusle argia da. Klase arteko borroka, lehian dauden fakzioekin eta interes dibergenteekin.

Baina… nola iritsi gara egoera honetara?

Unipolaritatea, iragan hurbila

Azken hamarkadetan nagusitu den neoliberalismoaren gorakadaren eta krisiaren inflexio-puntua, behintzat bere formarik nagusienean, Bagdaden gertatu zen 2003ko irailaren 19an. Estatu Batuek beren botere globala hedatu zuten SESBen kolapsoaren eta, harekin batera, Urriko Zikloaren amaieraren ondoren. Garai hartan AEBetako administrazioan Iraken inbasioaren ondorengo garaipenaren euforia nabaritzen zen oraindik. Nork ez du gogoratzen Abraham Lincoln hegazkinontzitik George Bush orduko presidenteak esandako esaldi mitikoa, “Misioa beteta”? Une horretan inperialismoaren Belle Époque-k bere nagusitasun globalaz gozatu zuen irailaren 11ko Ipar Amerikako erasoen ondoren, nahiz eta gerrilla sunitak jada sarraskia eragiten ari ziren AEBren okupazio armadaren tropen artean, Irak kaos erraldoian utziz.

Aldi berean eta ziztu bizian, korporazio handiak garatzen ari ziren. Enpresa finantzializazio eta kontzentrazio prozesuek teknologia berrien eskutik irmo aurrera egin ez ezik, erlazionatu eta atzeraelikatu ere egiten ziren, kapitalismo garaikidearen egitura eraldatzeko dinamikak indartuz. Metatutako botere horrek kontzentrazio eragiketa berriak errazten zituen, gehiago logika finantzarioaz industrialaz baino. Eta prozesu osoak, aldi berean, funts handiei laguntzen zien, ekonomia global oligopolistiko eta espekulatibo baten gainean kontzentratuagoak eta gero eta boteretsuagoak.

Funtsean, korporazio eta finantza funts berriek munduko estatuen, nazioen eta herrien gaitasunak gaindituz eta gainezkatuz zihoazen, haien politika multisektoralak moldatuz. Egunak joan ahala, bizimoduetan, forma kulturaletan eta eraldaketa soziopolitikoetan haien eragina gero eta ikusgarriagoa zen. Haien eragina populazioaren txoko guztietara iristen zen: dirusarreretara, zorrera, prezioetara, enplegura, modara, zientziara, teknologiara, berrikuntzara, hezkuntzara, geopolitikara, migrazio masiboetara, kanpo-merkataritzara, klima-aldaketara, segurtasun globalera… ez zuen ezerk ihes egiten haien kontrolpetik.

Multipolaritatea, etorkizun hurbila

Hala ere, Washingtonen hegemonia militarrak ezin izan zuen indargune potentzial berrien mehatxua ezabatu, eta horiek gai ziren AEB unipolarrek babesten zituzten korporazio handien eta finantza funtsen lidergoari aurre egiteko. Halako helburuak Bush administrazioak planifikatutako higadura “gerra txiki” gehiegi mantentzea eskatzen zuen. Mendebaldeko inperialismoak ez zuen bere aliatuen ez baliabide, ez denbora, ez laguntza nahikorik izan. Eta soldadu estatubatuarrek eta erresistentzia irakiarrak Irakeko lurra odoleztatzen zuten bitartean, isil-isilik, handikeriarik eta haustura traumatikorik gabe, BRICSek burua altxatu zuten historiaren garapenean. 2001ean sortu ziren kontzeptu gisa, Brasil, Errusia, India eta Txina (BRIC) bilduz; sendotu egin ziren 2009an beren lehen gailurrean eta BRICS bihurtu ziren 2010ean Hegoafrika sartuta. Bat-batean eta konturatu gabe, BRICS, Txinak gidatuta, hazkunde globalaren benetako motor gisa agertu ziren, G7a eta bere korporazioak gaindituz, munduko aberastasunaren gero eta zati handiagoa izanik, Mendebaldearen konfrontazio ereduaren alternatiba badagoela erakutsiz. Mendebalde konbinatua krisi espiralean sartu izan zen, ekonomian ez ezik, lidergoan ere, eta horrek gero eta kontraesan sakonagoak ekarri zituen, hala nola irabazi tasaren beherakada, zeinek kapitala espekulazio, gerra eta arpilatzearen munduko berregiturei ekitera behartzen baittu.

“Heriotza eta Transfigurazioa”

“Heriotza eta Transfigurazioa”. Horrela deskribatzen du “The Economist” aldizkari britainiarrak Mendebaldeko korporazioen etorkizuna. Horren arabera, merkatuen globalizazioaz erraldoi ekonomiko bihurtzea ahalbidetu zien baldintza historikoak aldatu egin dira. McKinsey Global Institute-ren ikerketa baten arabera, gaur egungo korporazio kopurua 1990ekoaren bikoitza da, eta horrek merkatu globalean lehia handitu dela ondorioztatzen du. McKinsey-ko analisten ustez, korporazioen irabaziak hamarkada baten buruan duela 30 urteko mailara jaisteko arriskua dago, hau da, irabazi tasaren jaitsiera etengabe eta iraunkorra. Gainera, Mendebaldeko enpresak merkatu emergenteekin lehiatzera behartuta daude, eta horien enpresak dagoeneko zerrendako enpresen % 26 dira, eta gero eta gehiago.

Gerra, politikaren jarraipena beste bide batzuez

Errusia 2014tik Mendebaldearem begiradaren erdigunea da. Ukrainako Maidaneko estatu kolpeak eta ondorengo Donbass eskualdeko erresistentzia armatuak Errusiaren operazio berezia eragin zuten 2022ko otsailean. Mendebaldeko prentsa sistemikoan orain arteko kontakizun nagusiak batasun eta indarraren irudia margotzen du Mendebalde  konbinatuaren kontrako Errusiaren ustezko “mehatxuen” aurrean. Hala ere, Europar Batasunaren eta Estatu Batuen politika ekonomikoen analisi sakonago eta zehatzago batek gerra bilatzeko estrategia ezkutu bat erakusten du, batez ere BRICSen kontrako interes ekonomiko korporatiboek bultzatuta. Gerra horrek Txinaren inguruko bloke emergentea ahuldu eta haustea du helburu, zein Mendebaldearen unipolaritatea pixkanaka mendeeratzen ari baita.

Aurreikuspen guztien aurka, NATOren aurrean hartz errusiarraren garaipenaren gero eta aukera handiagoak eszenatoki berri bat irekitzen du, eta bertan kapital finantzario globalistarekin lotutako sektoreak dira kaltetuenak. Errusiak erresistentzia antiglobalistaren gotorleku errola mantendu du. Potentzia emergente batzuek mundu orekatuago eta botere-gune bakar batetk libreago bat nahi dute, eta Errusiar Federazioak eta BRICSek haiekiko aliantzak sendotu dituzte. Nazio batzuek beren subiranotasuna mantendu nahi dute Mendebalde konbinatuaren nagusitasun ahaleginaren aurrean, eta gatazka horrrek haien arteko tentsioak erakutsi ditu. Ukrainako borroka ekonomia eta lurralde auzia ez ezik, mundu ordenaren etorkizunaren gaineko borroka ideologiko eta geopolitikoa ere bada. Eta Mendebaldeak Errusia zigor ekonomikoen eta ordezko gerren bidez itotzen saiatzen den bitartean, presio horiei aurre egiteko Errusiaren arrakasta funtsezkoa izango da benetako mundu multipolar bat sortzeko.

Trump eta Nazionalismo Inperialista

Trumpen gorakada ezin da ulertu egungo testuinguru geopolitikoa gabe: AEBren hegemoniaren eta haren ohiko babes europarren krisia Txina, Errusia eta India bezalako potentzien gorakadaren aurka. Eszenatoki honetan, elite estatubatuarrak banatuta daude: Washingtonek zuzendutako egungo ordena globalista mantentzearen aldeko apostua egiten dutenak alde batetik, eta eredu horrek bere eraginkortasuna agortu duela uste dutenak bestetik. Trumpismoa, Alderdi Errepublikarraren zati handi batek ordezkatutako kapitalaren fakzio “nazionalista inperialista” gisa eta konplexu militar-industrialari, ahuldutako manufaktura sektoreei eta globalizazioak desplazatutako burgesia ertainei lotuta, agertzen ari da orain mundu mailako kapitalismoaren berregituraketaren lidergoa bere alde berreskuratzeko. Nagusitasuna beste modu batean berreskuratzea nahi dute. AEBk bakarrik jardun eta erabakitzea nahi dute, beste herri aliatuekin egindako akordio edo adostasunen zamaren menpe egon gabe. Hegemonia zuzena bilatzen dute, mundu mailako boterea mantentzea baina mugak ezarriko lizkiokeen bitartekaririk edo egitura diplomatikorik gabe, alde bakarrean.

Ekonomiari dagokionez

Trumpek Asiatik autonomia produktibo handiagoa bilatzen du, batez ere Txinatik. Haren plana Estatu Batuen barneranzko atzera egitea da; globalistek kendu zieten ekoizpen-ahalmena berreskuratu behar dute, inportazioetatik eta zorretik libreago bihurtuz. Muga zergak, Estatu Batuetara fabrikatzera itzultzeko enpresentzako pizgarriak… Trumpen ideia finantza kapitalak bultzatutako globalizazio ekonomikoarekin haustea da, horrek Txina munduko hornitzaile nagusia, AEBetako industriarena barne, bihurtzea ahalbidetu baitu. Trumpismoak, beraz, ez du logika globalista ezabatzen, baizik eta ordezkatu eta agian Kissinger estiloko inperialismo oldarkorrago batera itzuli. Hamarkadetan zehar AEBen nagusitasuna USAID, NED, NDF, Munduko Bankua eta NATO bezalako tresnen bidez artikulatu bazen ere, haren administraziopean estilo alde bakarreko zigor ekonomikoak, merkataritza mehatxuak eta gerra ekonomikoak sustatzen dira estilo nazionalista inperialistako kontakizun batekin. Berriro Monroe doktrina zaharra hartu da, eta horrek ondorio global saihestezinak dakartza: Latinoamerikaren kontrola berreskuratzea, EB ahultzea eta Mendebalde konbinatuaren eta Eurasiako ardatzaren arteko polarizazioa handitzea. Geopolitika trumpistak multipolaritate berria onartzen du, baina munduaren ikuspegi itxiago, gatazkatsuago eta nazionalistago batetik, eta horren helburua ez da mundu mailako eszenatokitik erretiratzea, baizik eta AEBko lidergoa botere gogorraren logika batetik berformulatzea, bere atzeguardia gordetzea eta, garaia iristen denean, gero eta Txina boteretsuagoaren kontra borrokatzea.

Ekaitz ilunek nahasten dute EBko airea

Europar terminoetan hitz egiten badugu, kontinente zaharra deritzonak gidatzen du egungo inperio globalistaren gainbehera. Proiektu ekonomikorik gabe, sozialki nekatuta, irteera politikorik gabe… EBk, AEBetako Alderdi Demokrataren eta NATOren babespean, “America First” eta Ukrainako gerraren amaiera aldarrikatzen duen Trumpismoaren gorakada erraztu du. Krisi eta Trumpismo ikuspegi honen pean, Europako gobernuak berregituraketa sistemikoa bilatzen tematzen dira, erraza eta azkarra izango zelako Errusiaren ezinezko porrota amesten, beren globalizazio bideari eusteko beharrezko harrapakina.

EB estu hartuta dago Errusiaren aurkako gerra mantendu eta areagotzearen eta AEBren presioari amore ematearen artean. Europako lidergo globalistak eta haren indar politikoek irtenbide gutxi dituzte, gainera Trumpismotik hurbileko indar kontserbadoreek ordezkatzeko arriskua dutelarik. The Economist-eko zutabe gogor batek adierazten duen bezala, “Europa gainbeherako indara da ekonomia globalean”, Gerra Hotzaren ondorengo “bake dibidenduaz” etekina denbora luzeegiaz ateraz, eta horrek gastu sozial “eskuzabala” izatea ahalbidetu zion. Beraz,  “luxuak kareletik botatzeko” eta “autokonplazentzia” alde batera uzteko garaia da, “munduko aldaketek lehentasunak ere aldatzea eskatzen baitute”. Krisiak, hortaz, hainbat forma hartu ahal ditu herri bakoitzeko baldintza politikoen arabera, baina denak iradokitzen du indar kontserbadoreen eta eskun muturrekoen gorakada saihestezina dela, eta horiek indar politiko globalistak ordezkatuko dituztela, Espainiako eta Frantziako estatuetan barne.

Palestinako Holokaustoa, Venezuelaren aurkako erasoa, Burkina Fasoko estatu kolpe saiakera, Groenlandiaren aurkako mehatxua… Ez dago tregoarik

Kapitalismoak ez du meniarik eskaintzen, eta ezkerrean hedatu den onkeria gaixotasuna bere ondorio dramatikoenak erakusten ari da orain. Berezkoenen artean, errealitatea alde batera uztea, beste aldera begiratzea eta gogoaz eta nahiez ordezkatzea daude. Zalantzarik gabe, Palestinako Holokaustoak, AEBren Venezuelaren kontrako  erasoak, Burkina Fasoko estatu kolpe saiakerak eta Groenlandiaren kontrako mehatxuek ispilu baten aurrean ipini gaituzte, eta hobe genuke geure burua bertan ikustea gainera datorikigun egoerari aurre egin nahi badiogu.

Testuinguru honetan, biziraupena da herri ahulenen erronka. Premiazkoa da Nafarroaren subiranotasuna berreskuratzean eta gure langile klasearen defentsan zentratzea. Inork ez dezala beste aldera begiratu edo entzungor egin.