70eko hamarkadako sindikalistok euskal langileen mugimenduaren garaipen historikoa ezagutu genuen. Nehoiz ez zuen langile klaseak hainbesteko lorpenik lortu: greba garaileak, kontratu finkoak, soldata eguneratzeak… Famili bat soldata batez mantentzen zen eta 10 urte baino guttiagoan pisu berri bat eskuratu ahal zen. Emakumearen etxeko lanak familiaren ekonomiari eta aitona-amonen zaintzari eusten zien, zaharren ondarea familian atxikiz. Ergo, merkatuan ordaindu gabea bazen ere, arras produktiboa zen. Deituriko Gerra Hotza, sobietarrekiko eta iraultzekiko beldurrak, ahalbidetu zuten sindikalismo boteretsu hura eta Ongizate-gizartea.
Ekuazio hartan zerbait falta zen, hots, emakumeak unibertsitatean ikasteko eskubidea, lanaren merkatuan sartzea, independentzia ekonomikoa… Eta horietan geunden 1989an Berlingo harresia erori zelarik. Kapitalismoaren garaipen globala zen, eta anaia sobietar beldurgarriari esker erauzi genizkion gainbalioak berreskuratzen hasi zen.
Eta bat-batean, sistema bera “feminista” bilakatu zen: emakume guzti-guztiak lanera joan behar ziren zortzi ordu. Lehen migrazio-mugimendu erraldoia izan zen, familia-unitate hura desorekatu zuena. Urte guttiren buruan, pisu bera erosteko bi soldata eta hipoteka-urteen hirukoitza behar ziren. Gaur egun, nire fundizio zaharreko langileek 70eko hamarkadan kobratzen genuenaren erdia kobratzen dute. Sindikalismo mundutik nehork ez zuen beste irtenbiderik planteatu: bietako batek bakarrik lan egitea; edo lanaldi erdia bakoitzak; edo etxeko lanak ordaintzea; edo Suediako feministek eskatzen zuten bezala, emakumeak fabriketara gizonak sukaldeetara adina sartzea.
Deus erran gabe irentsi genuen aukerarik makurrena eta, areago, konkista sozialatzat txalotu genuen. Lanaldia bikoiztu, erosteko ahalmen beragatik; emakumeari zama gehiago gehitu genion eta aberatsak aberatsago egin genituen. Egun, gazteek gurasoek izan zutena baino etorkizun okerragoa dute. Bakarrik bizi den jendea ugaritu egiten da. Gizarte likidoa da, kontsumitzaile eta langile prekarizatuak baino behar ez dituena. Solidarioa izatea, familia, sindikatua, nazioa edota indartzen duen egitura oro suntsitu egin behar da, jende bakartia, etniarik, aberriarik, sustrai historikorik eta memoriarik ez duten pertsonen herritartasun globala eskuratzeko.
Laneko, etxeko eta ingurumeneko estutasunaren aurrean, euskal emakumezkoak uko egiten diote amatasunari. Seme-alabak izatea nahi ez duten gazteen kopuruak gora egiten du, eta nehork ez du erraten hori ez dela askatasunaren erakusgarri, gaixotasun sozial bat baizik. Jadanik Europako jaiotza-tasarik txikienetakoa dugu. Ezagutu dugun Euskal Herria desagertuz doa. Ikastolak itxiko ditugu, “aniztasun kulturala” irabazteko. Gure emakumeek “guk erditu, geuk erabakitzen dugu” aldarrikatzen dute, baina hori utopia besterik ez da. Azken minutuan erabakiko dute preserbatiboa erabiltzea ala ez, baina ordurako dena erabaki dute Bankuak, hipotekak, patroiak, kontziliatzeko ezintasunak, laguntza faltak. Jaiotza-tasaren hondoratzea ez da bikoteen erabaki aske baten ondorio, geure buruari saldu nahi diogun bezala, baizik eta munduko tramoiaren jabeek jartzen dizkiguten kondoien ondorioa.
Baina Anaia Handiak untxiak ateratzen jarraitzen du xisteratik: Ez al direla haurtxoak sortzen? Lasai! Eta bat-batean, hedabide guztiek emigrazio masiboaren abantaila handiak goraipatzen dizkigute. Eskulan merkea erruz, indarrez lapurturikoa euren jatorrizko herrialdeak espoliatu ostean, esklaboen salerosketa zaharraren bertsio modernoa. Confebask patronalak emigrazio masibo hori eskatzen du, eta nehork ez dio zalantzan ezarri zer nolako “garapena” planteatzen duten, ezta horrek euskal herriarentzat izan ditzakeen ondorioak ere, globalizazioaren itxasoan hain txalupa txipia izanik. Gobernuek eta komunikabideek bidea errazten dute. Eta zergatik Mediterraneo blindatzeko era anker hori, %95 legez badator jada? Ziurrenik, PSOEren eta Marokoko satrapiaren arteko akordio sekretuek beste klausula batzuk zituzten, saharrei saltzeaz gain. 2022 urtean, Pedro Sanchezek eta Joe Bidenek Washingtonen negoziatu zuten hona bideratzea AEBtako mugan pilatzen diren emigranteak eta Euskal Herrian inork ez zuen ahotsa goratu gure migrazio politika erabakitzeko haiek nortzuk ziren galdetzeko. “Buenistas” eta zenbait ONGak txalo egiten dute eta “nahi beste etortzeko” erraten dute. Sasiezkerra, eskuina eta Confebask, Espaina eta AEB, guztiak ados. ¡Qué país, Mikelarena!
Orain arte uste genuen esklaboaren defentsak esklabotza abolitzera behartzen zuela; langabetuari laguntzeak langabeziari aurre egitea ere bazekarrela, eta gaixoa sendatzeak ezin zuela gaixotasuna desagerraraztetik bereizi. Baina gaur egun erraten baduzu emigranteentzako laguntza eta elkartasuna (nork ukatu Euskal Herrian?) eliteek eragiten duten emigrazio masiboaren aurkako borrokarekin batera joan behar duela, ez dira faltako progreak, kapitalaren kantzerbero berriak, lepora jauzi egingo dizutenak.
Progresia otzana, Covid izurriteak iraun zuen bitartean ahoa ireki gabe eliteak agindutakoa bete zuena. Ezker epela, oraindik argi ez duena bai Iranen, Ukrainan, Venezuela eta bai planeta osoan inperialismo yankia eta bere txakurra NATO, garaituak izan behar direla, mundu multipolar bat nahi badugu, non pobreek eta herriek nolabaiteko maniobra-tartea izango dugun. Sasiezkerrak, azken batean, ez dakiela horretaz guztiaz eztabaidatzen, matxista, xenofobo, espezista, pro-Putin, terraplanista eta neofaxista gisa kalifikatu gabe, 70eko hamarkadako borroka sindikal haietan osaba Marxengandik ikasi genuen leloa oraino errepikatzen dugunei, hau da: “Ideologia nagusia klase menderatzailearen ideologia da”. Edo jadanik ez da horrela?
Egilea Josemari Esparza Zabalegi
